Egunerokoa (2009-3-25)

Bigarren eguneko klasean aipatutakoaren berri emango dut jarraian. Esan behar dut, ikasgai honetan klase praktikoak eta teorikoak tartekatu behar ditugula, eta bigarren hau teorikoei dagokien aurrenekoa izan dela.
Hasiera batean, teknologia berriek hezkuntza munduan ematen dizkiguten baliabideez aritu gara gehienbat, hala nola, programa ezberdinak, tresna ezberdinak...aipatuz.
Hala ere, niri interesgarriena ondorenean izan dugun eztabaida iruditu zait, izan ere aukera izan dut nire esperientzia pertsonalaz gain, gainerakoen iritzi eta esperientziak ezagutzeko.
Nire ustez eta aipatu diren gauzetatik abiatuta, teknologia berriek gaur egun gauza asko eskura izaten laguntzen digute, eta aldi berean gauza asko errazten dizkigute, harremanei, ikasketei...dagokienez. Hala ere oso oso garrantzitsua iruditzen zait teknologia berriak neurriz eta egoki erabiltzea.
Aipatu nahi nuen beste puntu bat unibertsitatera iritsi aurretik teknologia berriekin izandako erlazioari buruzkoa da. Izan ere, zenbait gelakidek aipatu dutenez, salto handia nabaritu dute batxilergoan eta orain unibertsitatean teknologia berriak erabiltzeko beharrean. Badirudi, hauek lehen ez zutela ia horrelako baliabiderik erabiltzen euren klase edo lanak egiterakoan eta hasiera batean zailtasunak ere izan dituztela. Alde horretatik, nire kasua nahikoa ezberdina dela esan behar dut. Nik batxilergoa egin nuen ikastetxean, " euskara" ikasgaia blog antzeko batean parte hartuz burutu genuen eta pixkanaka pixkanaka jarduera ezberdinak modu honetan egiteak mundu honetara gerturatzeko aukera eta beharra eman zidanez, esan dezaket unibertsitatera heltzean ez nuela halako aldaketarik nabaritu.
Ikasgai honetan, behar genuen ikas materiala sarean zintzilikatzen zuen irakasleak, besteak beste gai ezberdinei buruzko aurkezpen eta apunteak edota ega-ko azterketak prestatzeko ariketak. Bestalde ikasleok ere, gure lan pertsonalak, lehen esan bezala, gure blogean argitaratzen genituen. Gure gustuko gaiei buruzko artikuluak, irakurritako liburuei buruzko erreseinak... modu polita iruditu zitzaidan ikasgaia burutzeko eta orokorrean oso gustura aritu ginen lagun gehienok.

0 comentarios: